XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kontraesanak azaleratzeko asmoz, noiz behinka, gainera, eskandalu batzuk ere antolatzen zituen, ortografian edo ideologian, horri buruzko eztabaidak sustatzeko.

Askok ez zioten gazte hari ausartzia hori inoiz barkatu eta era guztietako irainak eta difamazioak asmatu zituzten haren kontra: erlijioaren kontra zebilela, komunista zela, espainolista eta antiabertzalea besterik ez zela... Eta hura zokoratzen ere ahalegindu ziren. Alferrik baina, Aresti bezalako erraldoia ez baitzen erraz kikiltzen, eta haren aurka eginiko erasoei are kritika gogorragoekin erantzuten zien, pisu handiko arrazoiak jaurtiz.

Oso pertsona lagunkoia zen Gabriel.

Egia da alderdi eta talde abertzale batzuen sektarismo eta dogmatismo batzuen kontra mintzatu zela. Baina antzeko eztabaida latzetan jarduten zuen sarritan Espainiako Alderdi Komunistakoekin edo antiabertzaleekin ere, euskararen eta euskaldungoaren defentsa sutsuan. Polemika odolean zeramala esan liteke, beti honen eta haren aurka, jarririko eta onarturiko ordena eta lege guztiak puskatu nahian, saltsa guztien eragile.

Edonola ere, aitortu behar da Arestiren eraginez euskara, ordurarte museoko erlikia moduan bai baina zeregin praktikoetarako ia inork aipatzen ez zuenean, eztabaidagai bilakatu zela eta gero eta lagun gehiago hasi zirela gure hizkuntzaz arduratzen, prentsa bera ere euskal munduko albisteez kezkaraziz.

Erlijio aldetik, fedegabea izanik ere, fraideen eta elizgizonen artean lagun onak zituen, Gabrielek zintzoki estimatuak: L. Villasante, Iratzeder, P. Xarriton, B. Gandiaga, 1. Berriatua, J. Azurmendi, J. Intxausti, J. M. Torrealdai, N. Altzola Gerediaga, P. Altuna... Alde horretatik pertsona erabat tolerante eta irekia zen.

Gabrielek beste ezaugarri bat zuen, oso nabarmena: langile porrokatua izatea.